Berotu galanta hartu dugu Irunberrin

Irunberri bertako arroilengatik da ezaguna, baita Euskal Herriko historian zehar bertan gertatutako pasarte isilduenetako batengatik ere. Hain zuzen ere, Zangotzaldeko herri honetan lasterketa dotore bat egin zuten igandean, Ilumberri futbol taldearen mendeurrenarekin bat, baina berez Iturberoko Krosa gisa ezaguna dena. Bada, horixe. Berotu galanta hartu genuen hurbildutako guztiok.

8 kilometro eskas dira, orotara hiru itzuli kaskotik eta inguruko bide eta harrizko zubietatik, baina, mendi magaleko ingurune ederraz gain, ibilbideak metatutako 200 metroko desnibel positiboak egiten du berezi. Ez dago metro bakar bat ere laua denik, helmuga kokatuta dagoen galtzadako metro gutxi batzuk izan ezik. Asfalto gaineko Nafarroako lasterketa gogorrena dela diote antolatzaileek, ideia bat egin dezazuen.

Dena den, gogorra izanik ere, Etxauriko Krosa bortitzagoa da (7km, +433). Beraz, ez ikaratu, ondorengo ekitaldietan parte hartu nahi izanez gero.

Irunberrikoa herri lasterketa peto-petoa da guztiaren gainetik, partehartzaileek dortsalarekin batera jasotzen duten poltsatik hasita: kamiseta, hiru txorizo puska eta patea aurkitu genituen bertan. Proba bukaeran, berriz, luntx oparoa izan genuen aukeran. Korrikalariak eta herritarrak bikain zainduta sentitu ginen, baita haurrak ere, txikientzako lasterketak egon baitziren.

Eta, nola ez, garaileen artean maila handiko korrikalariak sailkatu ziren. Iruñerriko Hiru Herri, Beste Iruña eta Ardoi atletismo taldeei ohore egiteko baliatu zuten goiza antolatzaileek, eta hiru klub horietako ordezkariek errepidean dena emanda eskertu zuten omenaldia.

SAILKAPENAK

Deja un comentario

Diseña un sitio como este con WordPress.com
Comenzar