Gaztaño ez da Innsbruck; hobea da!

(Argazkia: Urko Etxebeste / Oarsoaldeko Hitza)

Errenteriako Gaztaño auzoko jaietako krosak bere hamargarren ekitaldia bete du, zenbaki biribila, bertaratu garenok igaro dugun goiza bezain beste. Ez du iazko beroa egin, nahiz eta sargoria nagusi izan den, eta, testuinguru horretan, joan den ekitaldiko zenbakiak biderkatu ditu parte hartzaile kopuruari dagokionez. Piskanaka gora egiten ari dira herri lasterketak berriro, pandemiak larri zaurituta utzi eta gero. Oso albiste ona da korrikalariontzat.

Gaztañok ibilbide berezia proposatu ohi du, bere gogortasunarengatik. Ez dago metro laurik, igoera eta jaitsiera bortitzak baizik, bata bestearen atzetik. Gainera, iaz egin bezala, aurtengoan ere beste estutu bat eman diote zirkuitoari, asfaltoari eta ondo zaindutako harri txikiko pistari mendi bide malkartsu bat gehituta, bidegorriarekin bat egiteko. Guztira, 6’5 kilometro eta 160 metroko desnibela osatu dugu.

Bi itzuli egin ditugu orotara, bigarrena bukatuta, helmugara iristeko metro gehigarri batzuk egin ostean. Hauek ere bihurriak.

Maila handiko podiuma osatu dute gizonezko zein emakumezkoek, sailkapenak lekuko. Azken hauen buru, egunotan Innsbrucken Munduko Trail Txapelketan paper txukuna jokatu duen Fernanda Martinez argentinarra izan da. Ez dakigu zerk ekarri duen Errenteriara, baina berak ere Gaztañoko zirkuitoa gogorra dela onartu du. Lasterketa ondoko hamaiketakoari buruzko bere iritzia ez dugu jaso, baina ziur gaude halakorik ez zutela prestatu Austrian.

Gizonezkoetan, Jose Antonio Gomez de Arriba irundarrak datorren larunbateko San Martzialeko Igoerarako puntu puntuan dagoela frogatu du. Nagusitasun handiarekin irabazi du.

SAILKAPENAK

Gainontzekoek, bada, betikoa. Auzo giroaz ederki gozatu dugu, oparien zozketa begibistatik kendu gabe.

Horrenbestez, Gaztaño mapan jarri du krosak berriro, bertako jaietako kontzertuek urte luzez jarri duten moduan. Ezagutu beharreko lasterketa duzue. Apunta ezazue 2024ko agendan.

2 respuestas a “Gaztaño ez da Innsbruck; hobea da!”

  1. Mila esker erreportai zoragarri hau eiteagatik,hurrengo urtean hemen espero zaitugu berriro.Mila esker biotz biotzez,zuek eiten dezue gaztañoko krosa haundia.Agur bero bat

    Le gusta a 1 persona

    1. Mila esker zuei, egiten duzuen lanagatik. Aitortza merezita duzue!

      Me gusta

Deja un comentario

Diseña un sitio como este con WordPress.com
Comenzar